HasieraArgitalpenakPertsona ardatz duen arreta ebaluatzeko tresnaren balidazio espainiarra (P-CAT)

Pertsona ardatz duen arreta ebaluatzeko tresnaren balidazio espainiarra (P-CAT)

  Urtea:
2015
 Egilea: 

Biztanleria zahartzen ari da herrialde garatuetan; hori dela eta, zaintzaile adituak behar dira pertsona zaharrak zaintzeko. Horrez gain, adineko pertsonak zaintzeko zerbitzuen kalitatea eta horri lotutako guztia hobetzeko interesa ere handitu egin da (Zubritsky et al., 2013). Horren harira, adineko pertsonentzako egoitza tradizionalek kritikak jaso dituzte: antolaketa zurruna dutelako eta zaintzak pertsonalizatuta ez daudelako (Koren, 2010).

Hori dela eta, egoitza horietan bizi diren adineko pertsonek oztopoak izaten dituzte erabakiak hartzeko, eguneroko giroaren gaineko kontrola edukitzeko edo beren balio, lehentasun eta nahien arabera bizi ahal izateko. Testuinguru horretan, pertsonarengan ardaztutako arretaren ikuspegia sortu da: jarduna ebidentzietan oinarritu nahi da eta zerbitzuak pertsonalizatu egin nahi dira. Helburu nagusia pertsonek beren bizitzaren gaineko kontrola berreskuratzea da (De Silva, 2014; Martínez, 2013).

Pertsonarengan ardaztutako arretaren oinarriak Rogersek (1961) ezarri bazituen ere, ikuspegi hori hainbat arlo eta zerbitzutan aplikatu da, esaterako, dementzia duten pertsonen zaintzan (Brooker, 2007; Kitwood, 1997). Ez dago pertsonarengan ardaztutako ikuspegia zehazteko definizio bateratu, onartu eta unibertsalik; aitzitik, konplexua eta dimentsioaniztuna dela azpimarratzen dute aditu guztiek (McCormack, 2004; Nolan, Davies, Brown, Keady, & Nolan, 2004).

Gehien aipatzen diren ezaugarriak honako hauek dira: zaintza pertsonalizatua, pertsona bakoitza berezia eta baliozkoa dela aintzat hartzea (Brooker, 2007; White, Newton-Curtis, & Lyons, 2008); zaintzen den pertsona bakoitzaren bizitzaren historia eta bizimodua ulertzea (Chappell, Reid, & Gish, 2007; Edvardsson, Fetherstonhaugh, Nay, & Gibson, 2010; White et al., 2008); autonomia pertsonala sustatzea (Chappell et al., 2007; Edvardsson, Fetherstonhaugh, et al., 2010; White et al., 2008) eta eguneroko bizitza antolatzea, pertsonarentzat esanahia eta zentzua izan ditzan (Sancho & Yanguas, 2014).

Horrez gain, laguntzaren inguruneari buruz honako hauek zehaztu dira: zaintza banakoari begira egokitzea (Brooker, 2007; Edvardsson, Fetherstonhaugh, et al., 2010); espazio fisikoa egokitzea (Edvardsson, Fetherstonhaugh, et al., 2010; White et al., 2008) eta antolaketarekin lotutako beste aldagai batzuk (Chappell et al., 2007; Edvardsson, Fetherstonhaugh, et al., 2010; White et al., 2008).