HasieraIkerkuntzaProiektuakDiscapacidad y dependencia de las personas mayores en el País Vasco

Discapacidad y dependencia de las personas mayores en el País Vasco

Proyectos

Euskal Autonomia Erkidegoko adinekoen desgaitasunari eta mendekotasunari buruzko txosten horren helburua hauxe da: desgaitasuna edo mendekotasuna duten pertsonen kopuruari eta ezaugarriei buruzko azterketa sakon bat izatea, 2008an egindako Desgaitasunari, Autonomia Pertsonalari eta Mendekotasun Egoerei buruzko Inkestaren (EDADaren) emaitzetan oinarrituta.

Txostenerako finkatutako helburuak lortzeko, etxean bizi diren 50 urtetik gorako herritarrak hautatu dira EDADean oinarrituz egindako azterketarako, baina galdetutako gaiak partekatzen dituzten 6 urtetik gorako herritar guztiekiko erreferentziei eta alderaketei ere eutsi zaie. Halere, adineko pertsonei (65 urte eta gehiago dituztenei) eskaini zaie arreta berezia. Ahal izan den guztietan, hiru adin talde handi bereizi dira: 50 eta 64 urte bitartekoa (testuan helduak esan diegu), 65 eta 79 urte bitartekoa (adineko gazteak) eta 80 urtetik gorakoa. Inkestan bereiz aztertu dira 0 eta 5 urte bitarteko haurrak, aparteko galdera sortarekin alegia, mendekotasun eta funtzionaltasun arazoekin duten harreman berezia dela eta. Izan ere, adin tarte horretan mendekotasunaz ari garenean, dituzten mugek baldintzatutako laguntzaz dihardugu, adin horretako haurrak mendekoak baitira bizitzako alor guztietan. Egoitza kolektiboetan bizi diren pertsonei buruzko informazioa biltzeko galdera sorta berezia ere badago. Txosten horren helburuetatik kanpo gelditzen diren herritar talde horiei buruzko gutxi gorabeherako kopuruak aurkeztuko ditugu bigarren kapituluko zifra handien atalean.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Matia Institutu Gerontologiko Fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena

 

Helburuak:

Matia Institutu Gerontologikoak Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseilu Gorenaren (CSICren) Giza eta Gizarte Zientzien Zentroari (CCHSri) agindu dio Estatistikako Institutu Nazionalak (EINek) 2008an egin zuen Desgaitasunari, Autonomia Pertsonalari eta Mendekotasun Egoerei buruzko Inkestaren, EDAD izenekoaren, emaitzak ustiatzea.

Emaitzak

  • Euskal Autonomia Erkidegoan 172.857 lagun daude desgaitasunarekin (edota mugapenekin, 6 urtetik beherakoen kasuan). Ehunekoei erreparatuta, herritar guztien % 8,1 dira. Horietatik, 90.647 mendekotasun egoeran daude; hau da, erkidegoko biztanleria osoaren % 4,3. Kopuru horiek Espainiako batez bestekoaren azpitik daude.
  • Mendekotasun tasa estandarizatuen arabera, ehunekorik baxuena duen hirugarren autonomia erkidegoa da EAE, Madrilen eta Errioxaren ondoren. Mendekotasuna duten pertsonen proportzioa % 4,1 eta % 4,6 bitartekoa da EAEko hiru probintzietan.
  • Desgaitasuna duten pertsonen batez besteko adina handia da, gehienek (% 81,4k) 50 urte edo gehiago baitituzte. Mendekotasun egoeran dauden pertsonen artean, adinekoen pisua are handiagoa da.
  • Desgaitasun eta mendekotasun tasak handiagoak dira adinak gora egin ahala, eta 80 urtetik aurrerakoen tartean are handiagoak. 50 eta 65 urte bitarteko herritarren artean, % 8,1eko eta % 2,6ko pisua dute, hurrenez hurren, desgaitasunak eta mendekotasunak; 80tik gorakoen artean, berriz, ehuneko horiek gora egiten dute, adin tarte horretakoen % 49,4 eta % 37,3 hartzeraino.
  • 15.000 lagun baino gehiago egoitza kolektiboetan bizi dira; ia guztiek (% 93,5ek) desgaitasunen bat dute, eta, horien artean, mendeko egoeran daude gehien-gehienak. Egoitza horietan oso adin handiko emakumeak dira nagusi.
  • Desgaitasuna eta mendekotasuna zertxobait ugariagoak dira gizonezko gazteen artean; 50 urte ingurura iristean, ordea, joera hori irauli egiten da eta emakumeen artean agertzen dira ehunekorik handienak. Esan daiteke, beraz, mendekotasun egoerak "feminizatu" egiten direla. Nolanahi ere, alde horiek ez dira oso adin handietara iritsi arte nabarmen bihurtzen.

Urtea

2012 -tik 2014 -ra

Proiektuaren egoera

Amaitua

Profesionalak

Mayte Sancho
Mayte Sancho Plangintza gerontologikoan aditua

Beste profesional batzuk