HasieraKontsultoretzaFamilia inguruneko zaintzetarako eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileak laguntzeko prestazio ekonomikoaren jarraipenerako eredua

Familia inguruneko zaintzetarako eta mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileak laguntzeko prestazio ekonomikoaren jarraipenerako eredua

Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa jasotzen duten kasuei segimendua egiteko proposatzen den eredua ez da laguntzei eta zerbitzuei buruzko azterketa, ez eta laguntzen eta horien azken urteotako garapenaren inguruko gogoeta ere. Laguntza horrek hedapen handia izan du beste laguntza eta zerbitzu batzuekin alderatuta, nahiz eta lege testuan ezohiko prestaziotzat hartu den. Horrela, Familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoa (FIZPE) lehen tokian kokatu da zerbitzuen eta prestazioen katalogoko esleipenen rankingean. Aurreikusi gabeko tamaina hartu du prestazioak.

39/2006 Legean, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzkoan, 14. eta 15. artikuluetan aipatzen diren bestelako zerbitzuetan edo laguntzetan ez bezala, familia inguruneko zaintzetarako prestazio ekonomikoaren (FIZPEren) kasuan, prestazioaren eragina eta egokitasuna mendeko pertsonaren edo haren zaintzaileen eskutik bakarrik ezagutu daiteke. Esan bezala, ez da gauza bera gertatzen egoitza zentroen, eguneko zentroen, etxeko laguntza zerbitzuaren edota telelaguntzaren kasuan, ez eta bestelako laguntza ekonomikoetan ere, zerbitzu bati lotutakoetan (ZAPE-etan) edo laguntzaile pertsonalari dagozkionetan (LPPE-etan), kasu horietan guztietan zerbitzu formalek hartzen baitute parte.

Proposatutako jarraipen ereduak laguntza edo zerbitzuak abiatu edo esleitzen diren unetik bertatik esku hartzeko aukera ematen du. Hala, prozesuaren hasierako fasean prestaziorik egokiena esleitu ondoren, gerora kasuen ikuskaritza egitea planteatzen du, zaintzen eta laguntzen kalitatea bermatze aldera. Disfuntzioak edo egokitasun-ezak antzematen badira, gaia birplanteatzea eta arreta egokia bermatuko duten laguntza osagarriak edo bestelakoak eskaintzeko aukerak aztertzea proposatzen du.

Horrenbestez, dagoeneko finkatuta dagoen egoera baten jarraipen hutsa egiteaz harago, prozesua osotasunean aztertzea da planteamendu honen helburua. Eredua indarrean jartzean argi izan behar da beti arreta egokia bermatzea dela ikuskatzearen helburua, hau da, arretaren intentsitatea eta kalitatea ziurtatzea. Era berean, zaintzaileek beren egitekoa baldintza egokienetan gauzatzen dutela bermatzea. Gainera, zaintzako eta bizitzeko ingurunea eta testuingurua nahikoa seguruak direla ziurtatu behar du.

Xede horrekin, prozesua osotasunean aztertuko da, sistemara sartzeko unetik hasi eta ondorengo bilakaera osoa. Horrela, prozesuaren fase bakoitzean garatu beharreko esku-hartze mota planteatuko da. Lehen fasean beharrezkoa izango da kasuari buruzko ezagutza nahikoa edukitzea, eta baita hasieran informazio eta orientazio egokia eskaintzea ere; ondorengo fase batean beharrezkoak izango dira jarraipeneko bisitak egitea edo harremanak izatea, dagozkien maiztasunarekin; bilakaera aztertuko da horrela, eta horren arabera, prestazioaren egokitasun maila.

Aurkeztu den eredua Gipuzkoako Foru Aldundiak Irungo eta Arrasateko udalekin elkarlanean finantzatu eta bultzatu duen esperientzia pilotuan oinarrituta dago, eta 2014ko uztailetik 2015eko otsailera bitartean landu da.

Proiektu horretan, 320 kasuko (215 Irunen eta 105 Arrasaten) lagin batekin aritu ginen; guztiak ere FIZPE jaso eta zerbitzu formal osagarririk ez duten kasuak dira, laguntza hori 2012a baino lehenago jasotzen zutenak eta II. eta III. mailako mendekotasun maila aitortuta dutenak.

Irizpide horiek betetzen zituzten kasuen % 65 sartu dira laginean, adin tarteen arabera bereizita, eta zaintzaileak 75 urte eta gehiago zituen kasuen % 100.

Esperientzia horri esker, kasuak aztertzeko galdera sorta diseinatu eta testatu ahal izan dugu, prestazio hartzaileen etxeetan bertan izandako elkarrizketetan. Halaber, ondorioztatu da pertsonaren ohiko ingurunera bisita egitea erabakigarria dela esku hartzea egokia izan dadin. Ildo horretan, zaintzailea funtsezko eragile bilakatzen da etxe inguruko arretan.

Jarraipen ereduaren asmoa ez da laguntza ekonomikoak kontrolatzeko edo ikuskatzeko sistema bat ezartzea, baizik eta familia inguruneko zaintzetarako laguntza ekonomikoa jasotzen duten mendekotasun egoerak ikuskatzeko lana egitea. Ikuskaritza lanerako, ezinbestekoa da prestazioa eskuratu eta esleitzen den unetik bertatik kasua sakon ezagutzea eta, era berean, zerbitzu publikoaren eta familiaren arteko bi noranzkoetako eta elkarlaneko komunikazioa jorratzea. Harreman etengabe eta pertsonalizatu horri esker, gorabeherak antzeman, egoera berriak balioztatu eta aldaketak adostu eta gauzatzeko aukera edukiko dugu, beharrizanen eta erantzunaren arteko egokitzapenik onena lortzeko.

Helburu nagusia hauxe da:

Arreta beharrezko intentsitatearekin eta kalitatearekin ematen dela bermatzea. Era berean, zaintzaileek beren egitekoa baldintza egokienetan gauzatzen dutela bermatzea. Gainera, zaintzako eta bizitzeko ingurunea eta testuingurua nahikoa seguruak direla ziurtatu behar du.

Horrenbestez, mendekotasun egoeran dagoen pertsonaren bizi kalitatea bermatzeaz harago doa laguntzaren irismena, zaintzailea, beraren eginkizuna eta zaintzaren ondorioak ere hartzen baititu aintzat.

“FIZPEaren egokitasunerako gakoak” (mendekotasunari arreta emateko sistemako laguntza ekonomikoetan eta banakako dirulaguntzak esleitzeko beste formula batzuetan oinarrituta. SIIS)

Hauek dira jarraipen eta ikuskaritza ereduaren beste helburu batzuk:

  • Mendekotasun egoeretan denbora igaro ahala gertatzen diren aldaketak eta gorabeherak antzematea eta horren arabera jokatzea.
  • Gizarte zerbitzuen esku hartzeak pertsonalizatzea, mendekotasun egoera bakoitzaren ezaugarriak eta inguruabarrak aintzat hartuta.
  • Baliabideak (gizarte zerbitzuetako langileak nahiz prestazioen eta zerbitzuen katalogoan jasotako baliabideak) optimizatzea.

Emaitzak

Erreferentziako profesionalak egoeraren diagnostikoa zehaztu beharko du, hainbat bide erabiliz jasotako informazioan oinarrituta: Mendekotasunaren Balorazio Baremoa (MBB), galde sorta, bisita...

Ez da beti erraza izango diagnostikoa ziurtasun osoz finkatzea; izan ere, azterketarako metodo horretan, informazio objektiboa ez ezik, erreferentziazko profesionalak behaketaren eta pertzepzioaren antzemandako informazio subjektiboa ere hartu beharko da kontuan. Gaitasun profesionala funtsezkoa izango da kasuei heltzeko diagnostiko lan horretan. Horregatik, profesionalak gogoan izan behar du, beti, mendekotasunaren arreta sistemaren prestazioen eta zerbitzuen esparrua, eta horietako bakoitzaren xedea. Baita horien gaineko araudia ere.

Gainera, informazioa unean uneko errealitatearekin kontrastatzeaz gain, egoera bakoitzean modu pertsonalizatuan eta bereizian ezar daitezkeen eta ezarri behar diren ekintzak (informazioa, orientazioa, aholkua, laguntza psikologikoa edota zaintza lanen bestelako laguntza osagarriak) erabaki behar ditu edo beste zerbitzu eta prestazio batzuetara bideratu.

Ereduaren planteamenduari jarraikiz, kasu bakoitzerako egokitzapen maila zehaztu beharko du profesionalak. Egoera batzuetan, eta hainbat arrazoi tarteko, litekeena da behin betiko diagnostikoa finkatu aurretik azterketa sakonagoa egin behar izatea. Beharbada beste bisita bat egin beharko da, edota behin-behineko epealdia finkatu, ondorioak egoki zehaztu ahal izateko.