HasieraIkerkuntzaProiektuakEuskadiko 55 urteko eta gehiagoko pertsonen bizi baldintzei buruzko ikerketa

Euskadiko 55 urteko eta gehiagoko pertsonen bizi baldintzei buruzko ikerketa

Proyectos

Euskadiko biztanleriaren zahartzeari buruzko ikerketa kuantitatiboen jatorria 1993ko Hirugarren Adinekoen Inkesta da. Inkesta hori Eusko Jaurlaritzaren 1994ko Plan Gerontologikoaren esparruan egin zen. 2010ean, adineko pertsonen gizarte errealitatearen berri izateko modu horri ekin zitzaion berriro; hau da, bizi baldintzei buruzko inkesta egin zen.

Ikerketa hau aurreko bien jarraipena da. 55 urteko eta gehiagoko pertsonen egungo beharrak zein diren jakiteko asmoz egin da, baina baita pertsona horien portaeren eta ikuspegien bilakaera ezagutzeko ere. Kasu honetan, biztanle lagina zabaldu egin da; hain zuzen ere, 55 urteko eta gehiagoko pertsonak hartu dira aintzat, oraindik ere gazteak diren belaunaldiek zer jarrera eta portaera dituzten jakiteko, etorkizunera begira zahartzearen joerak zein izango diren aztertzeko. Bestalde, beste zenbait adierazle erabili ditugu inkesta honetan, Nazio Batuen eta Europako Batzordearen Active Ageing Index (zahartze aktiboaren indizea) Euskadira egokitzeko. Indize horren bidez, zifra bakar batean laburbiltzen da lurralde bateko biztanleriaren zahartze aktiboaren maila, 55 urtetik gorako herritarrei buruzko informazioan oinarrituta. Bizi baldintzei buruzko ikerketak 90 hamarkadan finkatu ziren nazioartean.

Azterketa horiek, kasu askotan, beharrei buruzko diagnostikoak dira, eta plangintza gerontologikoak prestatzea dute xede. Hala ere, adineko pertsonen bizi baldintzei buruzko inkestaren diseinua berri samarra da oraindik ere estatuan eta EAEn. Ikerketa modalitate hau Europar Batasunak (EBk), Espainiak eta Euskal Autonomia Erkidegoak biztanleria osoaren bizi baldintzei buruz egiten dituzten inkestetan oinarritzen da. EBk egindako inkestei dagokienez, erkidegoko estatistika indartzea da asmo nagusia. Horretarako, errentari, pobrezia mailari eta osaerari, eta gizarte bazterketari buruzko luzetarako eta zeharkako datu konparagarri eta eguneratuak sortzen dituzte, hala estatuan nola Europan. EAEko bizi baldintzei buruzko inkestei dagokienez, lehenengoa 1989an egin zen eta, harrezkero, bost urtean behin egin dira, pertsonen bizi kalitatea hobetzen edo narriatzen duten faktoreak ezagutzeko asmoarekin. Kasu honetan, bi helburu ditugu: batetik, bizi kalitatearen dimentsioak zenbait adierazleren bidez deskribatzea eta, bestetik, dimentsio nagusien arteko loturak eta dimentsio bakoitzeko barne elementuen artekoak aztertzea, bizi kalitatea (Eustat) hobeto ulertzeko asmoz.

Eusko Jaurlaritzak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, asmo bikoitzarekin jarri du abian ikerlana: batetik, 2015-2020 aldirako Zahartzaro Aktiborako Euskal Estrategiaren oinarritzat erabiltzeko eta, bestetik, gizartean nahiz erakundeetan adinekoen autodeterminazio eskubideari eustera bideratutako gako eta jarraibideak zehazteko. Orobat, adineko pertsonen premien mailak eta ezaugarriak zehazten dituzten elementu bereizgarriak ezagutu nahi dira ikerketa honen bidez. Matia Institutuak bere gain hartu du lan hori, eta hauek dira haren emaitzak. Hurrengo orrialdeetan, 700.000 laguni baino gehiagori buruzko informazio zehatza aurkituko duzue, besteak beste, beraien bizimoduari, baldintza materialei, gizarte ehunari, laguntzen eta zaintzen trukeari, osasunaren alorreko pertzepzioei, mendekotasunari, eguneroko bizitzari, erretiroari eta beharrizanei buruz. Azken urteetan izandako aldaketa ekonomiko eta sozialen ondorioz, aldatu egin dira joera soziodemografikoak: egitura eta harreman familiarrak, familien osaera, kontsumo ohiturak, jarduerak, laguntza-trukeak eta abar. Aldaketa horiek duela gutxi gertatu dira, krisi ekonomikoaren ondorioz, eta eragin zehatza dute adineko pertsonengan. Pertsona horien egungo egoerari buruzko ikerketa xehatua biztanleria talde horiekin lotutako politika, plan eta esku hartzeak egiteko eta garatzeko erabiltzen da.

 

Helburuak

Hauxe da ikerketa horren helburu orokorra: gizarte politikak planifikatzeaz arduratuko direnei EAEko 55 urteko eta gehiagoko herritarren bizi baldintzei buruzko informazio zehatza eta puntuala eskaintzea, bizi baldintza familiar, indibidual eta ingurumenekoei buruz. Era berean, EAEko adinekoen errealitateari buruzko informazioa bildu, sistematizatu eta zabaltzea ere bada asmoa, herritar talde horri lotutako hainbat eta hainbat alderdi bilduta.

Helburu orokor hori hiru helburu zehatzetan bereiz daiteke; hona hemen:

  1. Adinekoen eguneroko bizitzako hainbat alderdiri buruzko ikuspegi eguneratua eskaintzea; hauek dira alderdiok: baldintza materialak, osasun egoera, ikasketa maila, aisialdia, parte hartzea, gizarte harremanak, ingurunea…
  2. Euskal Autonomia Erkidegoko adineko pertsonen premiak identifikatzea.
  3. Helduen belaunaldien jarrerak eta beharrizanak antzemanez, zahartzearen etorkizuneko joerak identifikatzea.