HasieraMatiak AIRSAFE proiektuan parte hartuko du: 4.0 konponbideak barneko espazioetako airearen kalitaterako

Matiak AIRSAFE proiektuan parte hartuko du: 4.0 konponbideak barneko espazioetako airearen kalitaterako

26.11.2021
  • Leku itxietako airearen kalitatea optimizatzeko eta patogenoen aire bidezko transmisioa minimizatzeko soluzio teknologiko berriak.
  • Heriotzen % 23 (12,6 milioi pertsona) ingurumen-faktoreek eragindakoak dira.
  • SARS-Cov-2 birusak erakutsi du oso garrantzitsua dela monitorizazio-, aireztapen- eta klimatizazio-sistema egokiak izatea leku itxietan pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Bilbo, 2021eko azaroaren 22a. Aire garbia funtsezkoa da gure osasunerako, baita ingurumenaren osasunerako ere. Hori dela eta, EBk hainbat arau ezartzen ditu gehiegizko kutsadura-kontzentrazioak ez pilatzeko. Atmosferaren kutsadura herritarren osasunerako duela urte batzuk uste zena baino kaltegarriagoa dela egiaztatu ondoren, OMEk airearen kalitateari buruzko gomendio zorrotzagoak ematea erabaki zuen duela zenbait hilabete, orain arte indarrean zirenak baino. Gomendio horien arabera, aireko kutsatzaileen maila gomendagarri gehienak 2005ean ezarritakoak baino baxuagoak dira.

Funtsezko alderdi gisa, eta «European Green Deal» delakoaren esparruan, EB airearen kalitateari buruzko bere estandarrak eta arauak berrikusten ari da, Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioetara hobeto egokitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren HAZITEK programaren laguntzarekin, AIRSAFE proiektua osatzen duen partzuergoak ingurune seguruak eta osasungarriak eskaini nahi dizkio gizarteari egunero erabiltzen diren eremuetan –eraikin publikoetan, ospitaleetan, ikastetxeetan eta abarretan–, leku itxietako airearen kalitatea optimizatzeko irtenbide teknologiko berrien bidez.

AIRSAFE proiektuaren helburua da klimatizazio-instalazioak optimizatzea ingurumen- eta eragiketa-adierazleetarako, eta tresna berriak eskaintzea leku itxietako airearen kalitatea eta horrek osasunean duen eragina hobetzeko. Irtenbide berritzaile berriak garatuko dira aireztapen- eta klimatizazio-instalazioetarako, sentsorikaren, ekipamenduen eta kudeaketa-tresnen esparruan (eragiketa eta mantentze-lanak). Big Data eta barne-airearen klimatizazioari eta kalitate-kontrolari aplikatutako aukerak –adimen artifizialetik eratorritakoak– erabiliz, irtenbideok korrelazioak eskainiko dituzte bi arlo hauen artean: sentsore jarraituen bidez monitoriza daitezkeen zeharkako neurriak eta patogenoek, mikroorganismoek eta pertsonen osasunerako toxikoak edo kaltegarriak diren substantziek ingurumenean duten presentzia.

Zero Pollution Strategy

Kutsadurak gure osasuna eta planeta kaltetzen ditu, eta gaixotasun fisiko zein mental ugariren eta heriotza goiztiarren kausa nagusia da, ingurumenari lotutakoen artean. Europar Batasuna pertsona osasuntsuentzako planeta osasuntsu baten 2050erako helbururantz bideratzeko, «Zero Pollution Strategy» delakoak 2030erako funtsezko helburuak ezartzen ditu kutsadura murrizteko, jatorrian nahiz egungo egoerarekin alderatuta.

Europako Batzordeak zehaztu duen ekintza-planaren oinarrian, lehentasun eta helburu hauek ezarri dira: batetik, 2030erako airearen kutsadurak eragindako heriotzak % 55 murriztea, eta, bestetik, ekosistemak eta biodibertsitatea % 25ean babestea airearen kutsaduraren ondorio kaltegarrietatik.

Leku itxietako airearen kalitatea eta horren onurak euskal industriarentzat

Herrialde aurreratuetan pertsonek batez beste denboraren % 90 leku itxietan igarotzen dutela jotzen dela kontuan hartuta, garrantzi handiko gaia da pertsona horien ongizaterako.

2016an, ingurumen-faktoreek eragindako urteko heriotza-kopuruaren azterketa global eta gardena eguneratu zen. Ikerketa horrek ondorioztatu zuen heriotzen % 23 (12,6 milioi pertsona) eta DALYren (gaixotasun, desgaitasun edo heriotza goiztiarraren ondorioz galdutako urte-kopurua) % 22 ingurumen-faktoreek eragindakoak zirela. ELGAren azterlan baten arabera, ingurumen-kutsaduraren urteko kostua barne-produktu gordinaren % 0,3 da; kopuru horretan sartzen dira laneko absentismoa eta gaixoaldi-kostuak. Denok dakigu airearen kutsadurak osasuna kaltetzen duela eta zenbait arnas-gaixotasun sor ditzakeela. Baina hain ezaguna ez dena da zenbait kutsatzailek gure nerbio-sistema kaltetu dezakeela eta gure gaitasun kognitiboa gutxitu, eta, ondorioz, baita gure errendimendua ere lanean edo ikasketetan.

Gainera, horri guztiari gehitu behar zaio SARS-CoV-2aren pandemiak sortu duen egoera. Egindako ikerketa guztiek egiaztatu dutenez, birusa duten tantatxoak eta arnasketa-partikula oso txikiak arnasaren bidez kanporatuta zabaltzen da birusa; ondoren, beste pertsona batzuek arnastu ditzakete partikulok edo haien begietan, sudurrean edo ahoan gera daitezke (Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroa). Beraz, leku itxiak dira birusa hedatzeko arrisku handiena sortzen dutenak, eta, hala, agerian geratzen da beste behin teknologia berriak behar direla patogenoen aire bidezko transmisioak sortutako arazoak konpontzeko.

AIRSAFE proiektua

Hainbat sistema garatzea proposatzen du, hala nola sentsore berriak, ekipamendu berriak eta kudeaketa-tresna berriak –industria adimendunaren teknologiarik aurreratuenean oinarrituak– enpresei eta erabiltzaileei egoera berri honen erronkei aurre egiteko tresnak emateko. Gainera, digitalizazioan oinarritutako produktu eta zerbitzu berriak sortuz, AIRSAFEk merkatu oso lehiatsu batean lehiakorrago izateko aukera emango die Euskadiko klimatizazio-sektoreko enpresei eta haien enpresa laguntzaileei.

Horrek guztiak enpreson merkataritza- eta ustiapen-jarduerak indartuko ditu, eta negozio-bolumena, batez beste, % 9 handitu ahal izango dute urtean, proiektua amaitu ondorengo sei urteetan. Partzuergoaren ustez, AIRSAFE proiektuak trakzio-efektua sortuko du, eta Euskadiko ekonomia-sarearen dibertsifikazioa eragingo; hala, enplegua sortzen lagunduko du zuzenean. Era berean, partzuergoko enpresen ustez, proiektua giltzarria da beren sektorearen eta, oro har, euskal ekonomiaren nazioartekotzea bultzatzeko.

Azkenik, horrek guztiak ekarriko du oso-osorik Euskadin lantzen diren klimatizazioko eta zero kilometroko industria adimenduneko produktu, zerbitzu eta irtenbide aurreratuak garatzea, eta gure lurraldeak eta gure berrikuntza-sareak kanpoan duen irudia hobetuko du horrek.

Partzuergoa

AIRLAN buru dela, laguntzaile dira klimatizazioaren eta gasen detekzioaren eta monitorizazioaren sektorean nahiz energia-eraginkortasuna kudeatzeko prozesuetan espezializatutako enpresak: GIROA, FIDEGAS eta WATTIO. Automatizazio eta kontroleko, Big Datako eta adimen artifizialeko produktu eta zerbitzuetako enpresa adituak: INGETEK eta ZYLK. Enpresa bioteknologikoak: BIOTALDE eta APA. Eta, horietaz gainera, Matia Fundazioa eta Ikastolen Elkartea, proiektuan garatutako irtenbideak baliozkotzeko hautatu diren aplikazio-eremuen ordezkari zuzen moduan.

Bestalde, enpresen partzuergoak Vicomtech-en laguntza teknologikoa izango du, zeina  teknologia hauetan espezializatuta baitago besteak beste: industria adimendunari eta osasunari aplikatutako adimen artifiziala, visual computing eta interakzio-teknologiak. Bai eta beste hauen laguntza ere: CEIT, diziplina anitzeko zentro teknologikoa eta nazioarteko erreferentzia, partzuergoari ekarpenak egiteko gaitasun handia duena; Matia Institutua, esparru soziosanitarioan ezagutza zientifiko handia eta berrikuntzarako gaitasuna dituena, eta Aclima, Basque Environment Cluster, zeinak, ekoindustriaren eta ingurumen-produktu eta -zerbitzuen erreferentzia den heinean, bitartekaritza-agente gisa jardungo baitu enpresen arteko teknologiaren eta ezagutzaren transferentzian.