HasieraIkerkuntzaProiektuakELDERBASK - Zahartzearen erronkari erantzungo dioten industria eta zerbitzuak garatzeko balioa sortzen

ELDERBASK - Zahartzearen erronkari erantzungo dioten industria eta zerbitzuak garatzeko balioa sortzen

Proyectos

Eusko Jaurlaritzako ETORTEK programarekin batera finantzatutako ELDERBASK proiektua gaitasun teknologikoak (IK4 eta TECNALIA) eta soziosanitarioak (Matia Institutu Gerontologikoa eta BIOEF) biltzeko ikuspegitzat planteatzen da, zahartzearen erronkari erantzungo dioten industria eta zerbitzuak garatzeko asmoarekin. Proiektua elkarrekin zuzentzen dute Tecnalia Research Innovationek, IK4 Research Alliancek eta Matia Institutu Gerontologikoak.

 http://ec.europa.eu/research/innovation-union/index_en.cfm? section=active-healthy-ageing

 

Helburuak:

Euskadiko ikerketaren alorreko erakunderik garrantzitsuenek zuzendu eta jorratzen duten proiektu hori lehen pausu ofiziala da, gaur egun euskal industriak dituen balio eta trebeziak transferitzeko eta behar den tokietan industria berriak sortzeko. Asmoa da egungo joera demografikoek sortutako arazoei aurre egitea, zahartzearen fenomenoan eta tokian-tokian nahiz munduan gaixotasun kronikoek duten presentzia handian zentratuta.

Hona hemen aurrean ditugun driver edo erronka soziosanitariorik garrantzitsuenak:

  • Kronikotasunak, alde batetik, eta mundu osoan krisi ekonomikoa nagusi den honetan osasun sistemetan ezarri diren aurrekontu murrizketek, beste aldetik, baliabide eta irtenbide berritzaileak aurkitzera bultzatzen gaituzte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Kronikgune estrategiaren printzipio, balio eta helburuekin bat eginda.
  • Hirugarren adinekoen bizitza bi urtez eta modu osasuntsuan luzatzea da Europako Batzordeak European Innovation Partnership on Active and Healthy Ageing[1] (EIP-AHA) ekimenaren bidez zehaztu dituen helburuetako bat eta, hain zuzen, gure erakundeek ere bat egin dute helburu horrekin, 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren[2] bidez.
  • Zahartzarorako teknologien garapenean eta berrikuntzan aritu gara Europako eragile nagusiekin batera, teknologia disruptiboen multzotzat hartuta.
  • Ekonomiaren, berrikuntzaren eta, bereziki, osasun eta laguntza sistemaren iraunkortasuna bermatu egin behar da, gure gizarteak gaur egun dituen eta etorkizunean izango dituen erronkei aurre egiteko gaitasuna izan dezan. Izan ere, guztiok hainbeste balioztatzen dugun ongizatezko gizartearen zutabeetako bat denez eta, ibilbide luzearen ondoren, gizarte kide guztien laguntzaz, ahaleginaz eta lanaz eraikitzea lortu dugunez, eustea komeni da.

Erronka hori dago, hain zuzen, zahartze aktiboaren eta osasungarriaren paradigmaren atzean. Eta, ildo beretik, horixe izan beharko dugu gogoan, kronikotasunari aurre egiteko erronkan sistema publikoaren iraunkortasunari, sektoreko eragile publiko eta pribatuen arteko koordinazioari eta, aldi berean, adineko pertsonen beharrizan eta gogoetara egokitzeko premiari erantzun nahi badiegu.

Erronka soziosanitario hori aztertzea premia globalizatua da, dagoeneko, gizarte aurreratuetan. ELDERBASK proiektua mugaz gaindiko estrategiekin dator bat, eta ikerketa aplikatuan, teknologian eta berrikuntzan oinarrituta, irtenbide iraunkorra eskuratzeko gako eta erantzunak bilatzen ditu. Irtenbide hori 2020. urtearen inguruan hezurmamituko da, eta, haren bidez, EAE mundu osoko lehen mailan kokatuko da, zahartzaroaren eta kronikotasunaren esparruko ikerketan eta berrikuntzan.

 

ELDERBASKen ikuspegia: planteatutako erronketarako gure erantzuna

ELDERBASK partzuergoak erronka handi horiei heltzeko erabiltzen duen metodologia user-driven innovation izenez ezagutzen den kontzeptuan oinarritzen da. Horixe da parte hartzen duten eragile guztien beharrizanak eta lehentasunak aintzat hartuz arlo soziosanitarioan irtenbide berritzaile eta iraunkorrak jorratzeko biderik egokiena. Metodologia hori ez da teknologian zentratzen, eragileengan eta erronketan baizik. Hala, bidetzat eta mekanismotzat hartzen du teknologia, ahalik eta giza baliabide eta baliabide ekonomiko gutxien inbertituz eragileen gogobetetasuna bermatzeko eta erronkei irtenbidea emateko erreferentzia eta tresna multzotzat. Horretaz gain, bide egokia ere bada irtenbide berritzaile horiek gerora zerbitzu pertsonalizagarriak eta eskalagarriak bihurtuz herritar guztien zerbitzura jartzeko.

Eragilearengan eta erronka soziosanitarioetan zentratutako ikuspegi horretan oinarrituz, ELDERBASK partzuergoak uste du etorkizunean hirugarren adineko pertsonei laguntzeko zerbitzu eta irtenbide pertsonalizatu berriak behar izango direla, horien bidez:

1.        Eguneroko bizitzan ahalik eta luzaroen autonomoak eta independenteak izateko, haien zaintza eta arreta eskaerei eta beharrizanei era pertsonalizatuan erantzunez eta haien gustu eta lehentasunak aintzat hartuta.

2.         Gaixotasun kronikoei aurrea hartzeko

, pertsona bakoitzari nahiz zahartze prozesuari egokitutako zaintza eta arreta eredu batean, baina, batez ere, norberaren osasunaren eta bizi kalitatearen autokudeaketa eredu batean oinarrituta. Horrela, adinekoa partaide izango da prozesu horretan, eta aktiboki lagunduko du arreta soziosanitarioan parte hartzen duten eragile guztiak koordinatzen, bere buruaren onerako eta arreta sistemaren beraren mesedetan.

 

3.         Bizitza ohitura osasungarriak barneratzeko eguneroko bizitzako alor guztietan eta, bereziki, zahartzeo aktiboa eta osasungarria bereizten duten ahalik eta dimentsio gehienetan.

Gaur egungo aurrerakuntza teknologikoak eta etorkizunean ziurrenik izango duten bilakaera aprobetxatuz, dagoeneko posible dugu adineko pertsonarengan ardaztutako etorkizuneko zerbitzu horiek diseinatu eta garatzea. Halere, ustiapen fasea eta erabiltzaile potentzial bakoitzerako egokitzapen bereizia ziurtatzeko, sektore soziosanitarioak artatu behar duen pertsonaren ezagutza jarraituagoa eta hobea eskuratzeko bidea ere hartu behar du aintzat ELDERBASK teknologiak. Ikuspegi gerontologikotik —haiek baitira kontu honetan benetako adituak eta gaiak duen dimentsio aniztasunaren jakitun ezin hobeak—, helburua ez da pertsonak zer egiten duen eta nola dagoen, baizik eta zergatik egiten duen”. Izan ere, horrela ulertuko baitugu pertsonak nola dauden eta zer behar duten, eta zer laguntza zerbitzu behar duten. Hau da, adinekoaren benetako egoeraren ikuspegi integrala, parametro eta aldagai objektiboz eta subjektiboz betetakoa, eskuratu nahi da; hona hemen aldagaiok: eguneroko jarduerak, gizarte bizitza, osasuna, emozioak, gustu eta lehentasunak, beldur eta ikarak, sentimenduak norberaren buruaren pertzepzioa, motibazioak, jokabideak eta abar. Zaintzaren eta osasunaren alorreko adituek ez ezik, pertsonak berak ere informazio hori guztia osorik prozesatuz lortuko dugu “neurrirako” arreta eskaintzea.

Azken buruan, lortu nahi dena da pertsonak bizimodu egokia izatea, zahartze aktiboaren eta osasungarriaren ereduari jarraiki eta bere kronikotasun profila berak kudeatuz, kronikotasuna ahalik eta gehien prebenitzeko. Horrek, ordea, etengabeko eta dimentsio anitzeko monitorizazioa eskatzen du.

Emaitzak

Ikuspegi ekonomikoari begiratuta, alor soziosanitarioan aurrera egiteko eta gaitasun zientifiko-teknologikoak garatzeko aukera eskaintzen dio proiektu horrek EAEri. Aurrerakuntza horiek inpaktu handia eta zeharkako eragina dute ekonomian, eta bat datoz sektorean identifikatutako beharrizan eta aukerekin. Sektore soziosanitarioan, gainera, EAEko enpresa elkarte (kluster) eta talde handien interesak biltzen dira, eta gero nazioarteko merkatuetara eramateko garrantzi nahikoa izango duten aktiboak (eta, ondorioz, jarduera ekonomikoa) EAEn sortzeko aurreikuspen berriak irekitzen ditu.

Proiektuaren azken emaitzak transferitu eta merkaturatzeko eskema aprobetxatuz jorratuko da EAEko ekonomiaren egituran izango duen inpaktu berezia. Are gehiago, partzuergoaren barneko aurreikuspenen arabera, aukera ere egongo da alor soziosanitarioaren alboko sektoreetan beste enpresa batzuk sortzeko. Hartara, enplegu zuzen gehiago sortuko da, berrikuntza izaera eta oinarri teknologiko handiko produktu berrietan bermatuta, eta, ondorioz, EAEko enpresen globalizazio prozesua bultzatzeaz gain, ezagutzan egindako inbertsioa BPGd-an gauzatuko da.

Partzuergoa

Euskadiko zientziaren, teknologiaren, gizartearen eta osasunaren alorretako ikerketa erakunde nagusiek osatzen dute partzuergoa:

Urtea

2013

Proiektuaren egoera

Amaitua

Profesionalak

Miren Iturburu
Miren Iturburu Ikertzailea
Erkuden Aldaz
Erkuden Aldaz Matia Institutoko Zuzendarikide - Ikertzailea
Nerea Galdona Ikerketa lerroaren arduraduna

Ezagutza lerroa